dimarts, 5 d’abril del 2011

Ikasle Korrikaren aurkezpena





Atzo, hilak 5, Ikasle Korrikaren aurkezpena burutu genuen Trinitate enparantzan.
Hona hemen agerraldian irakurri zen testua:


Gaur hemen elkartu garen gazteok Donostiako eskoletan ikasten dugu. Haurtzaindegitik Unibertsitate ikasketetara, hezkuntza euskalduna jasotzea aukeratu dugu, gure herriko hizkuntzan ikastea.

Urte luzeetan, eskoletan gurea ez zen beste hizkuntza batean ikastera behartuak izan gara euskaldunak. Maizegi izan gara gure herrian 2.mailako herritarrak, edo erdararen menpekoak, eta eskolak horren islada hutsa izan dira.

Lehen ohikoak ziren irakasle erdaldun elebakarrak, euskaraz egiteagatik zigorrak, testuliburu frankistak... Baina garai ilunak aspaldi joan zirela entzunagatik, argi daukagu gaurko egoera oraindik ez dela ideala. Alderantziz, perfekziotik oso urrun dago. Nork ez du sekula euskaraz ongi ez dakien irakasle bat izan ? Nork ez ditu klasean apunteak gazteleraz jaso? Nor ez da karrera batean euskaraz matrikulatu, gero klaseak erdaraz jasotzeko? Horrelako hamaika kasu lotsagarri aurki ditzakegu oraindik ere Donostiako gure ikastetxeetan.

Bestalde, argi dago egungo hezkuntza politikarekin, euskaldunok 2.mailako hiritar izaten jarraituko dugula etorkizun hurbilean ere. Ildo honetatik, PSOE-PPren jaurlaritza bultzatzen ari den eredu trilinguearen kontra gaude. Euskarari orduak kentzerik ez dugu nahi, edo ez behintzat gazteleraren mesedetan. Gaztelera aski ongi hitz egiten dugu guk!

Guk,
Euskara maite dugu eta euskaraz maite dugu elkar.
Euskara ikasi genuen, batzuk etxean eta besteek eskolan.
Euskaraz aritu nahi dugu egunerokoan.
Aurtengo Korrikaren leloa baliagarri zaio, euskaldun berriei ez ezik, txikitatik euskaraz hezi duten gure belaunaldiari ere: maitatu, ikasi, ari... Euskalakari.

Aurtengo Korrika Trebiñun hasi eta Donostian, gure hirian, bukatuko dela ikusita, apirilaren 15ean (ostirala), Korrika Donostiara iritsi baino 2 egun lehenago, IKASLE KORRIKA antolatuko dugu Donostialdeko ikastetxeen artean.

· Ikasle Korrika DBH, batxilergo, lanbide heziketa eta unibertsitateetako ikasleei zuzendua dago.
· Oraintxe bost ikastetxe gabiltza egun honen prestakuntzan burubelarri, baina gainontzekoei animatu eta partehartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu!

Denon artean sortzen da Korrika, Euskal Herri osoa zeharkatzen duena eta baita apirilaren 15ean Bulebarretik Easo plazara eramango gaituena ere.

Euskara dugu korrikarako arrazoi. Mundu zabalean bizi garela jakinik eta aniztasunari uko egin gabe, kaleko hizkuntza nagusi bihurtu nahi dugu euskara, musikagintzan euskara, irrati-telebistetan euskara, eta batez ere IKASTETXEETAN euskara, kalitatezkoa.

Besterik gabe, laster ikusiko dugu elkar!


Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada